Europaren etorkizuna eta balio demokratikoak, udazkeneko programa CIVICANen

Volver

22/09/2025

Nafarroako Kutxa Fundazioak udazkeneko jardueren programa aurkeztu du CIVICANen. Hiruhileko honetan, premiazko eta beharrezko gogoeta bat du ardatz: Europaren etorkizuna eta balio demokratikoen indartzea. Tentsio geopolitikoek, irudikapen-krisiek eta gizarte-erronkek markatutako testuinguru global batean, kultura-zentroak publikoari irekitako 60 jarduera baino gehiago proposatzen ditu, pentsamendu kritikoa, elkarrizketa anitza eta herritarren parte-hartzea sustatzeko diseinatuak.

Programazioa urria eta abendua bitartean izango da, diziplina anitzeko ikuspegiarekin, eta hitza, pentsamendua, artea, musika eta gizarte-ekintza hartuko ditu bere baitan. CIVICAN kultura biziko gunea da, non sorkuntzak eta eztabaidak etorkizun bidezkoagoak, jasangarriagoak eta demokratikoagoak irudikatzen laguntzen duten.

Hitza topagune

Literaturaren eta pentsamenduaren programazioak kulturaren eta irakaskuntzaren arloko ahots ospetsuenetako batzuk dakartza CIVICANera. Diario de Navarrarekin batera antolatutako Diconversaciones de medianoche zikloaren barruan, Carme Riera idazle eta akademikoak bere ibilbideaz eta begirada kritikoaz hitz egingo du publikoarekin (azaroak 7). Eloy Moreno ere bertan izango da, Invisible lanaren egilea, irakurle gazteen artean duen eragina jorratuko duen topaketan (abenduak 12).

Solasaldiak liburutegian zikloak kultur arloko bi pertsona ospetsu hartuko ditu: David Trueba idazle, zinemagile eta kazetaria (azaroaren 20an) eta Pepe Viyuela aktore, poeta eta gizarte ekintzailea (urriaren 23an). Biek ala biek, arteak eta kulturak mundu aldakor batean duten zereginari buruzko beren funtsezko irakurketak eta gogoetak partekatuko dituzte.

Balio demokratikoak eta Europako egungo egoera izango dituzte ardatz hainbat topaketa garrantzitsuk: Mariola Urreak eta Mira Milosevichek nazioarteko ordenaren erronkak eta EBren papera aztertuko dituzte (urriak 29), eta Edurne Bartolomek eta Iñigo Arbiolek kultura demokratikoa eta polarizazioaren aurrean adostasunak eraikitzeko beharra aztertuko dituzte (abenduak 10).

Beste gune batzuek, hala nola Aula del pensamiento, Perspectivas edo Pensamiento compartida, lankidetzari, justiziari, populismoari eta herritarren etikari buruzko hitzaldiak eta eztabaidak eskaintzen dituzte. Besteak beste, Andrea Rizzi El País egunkariko korrespontsalak (azaroaren 6a) eta David Pastor-Vico filosofoak parte hartuko dute. Azken horrek pentsamendu garaikidean lankidetzari buruz hausnartuko du.

Artea eta sorkuntza, datorrena irudikatzeko

Artea, musika eta pentsamendu bisuala ere oraina galdekatzeko bide bihurtzen dira. CIVICANek Filmmaking for Social Change jaialdiaren VII. edizioa hartuko du urrian. Bertan, proiekzioak, topaketak eta erakusketak egingo dira, etorkizunaren ideiaren inguruan. Jarduera aipagarrienen artean, Silvia Ayerra argazkilariak Uda nuklearra saila aurkeztuko du, eta Holly Miranda artistak zikloari amaiera emango dion kontzertua eskainiko du, Futuro / Zukunft ikus-entzunezko piezaren estreinaldiarekin batera (urriaren 10ean).

Egitarauak askotariko musika proposamenak biltzen ditu, hala nola Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin obra klasikoen entzunaldi komentatuak, Anthony Paterasen Solo Piano kontzertu esperimentala (urriak 17) edo Nuria Garciak biolin elektriko eta elektronikoarekin emandako zuzenekoa (azaroak 19). New Yorkeko Lea Bertucci artistak El Oráculo soinu esperientzia murgiltzailearekin itxiko du urtea (abenduak 1).

Elkarlaneko sorkuntzaren alorrean, Error404 proiektuak Piano ma non piano jartzen du martxan, esku-hartze artistiko original bat, non piano desmuntatu bat berreraikuntza kolektiboaren sinbolo bihurtuko baita. Prozesuaren lehen fasea azaroaren 26an irekiko da.

Hezkuntza, haurtzaroa eta gizarte-ekintza: etorkizuna oinarritik

Udazkeneko programak haurtzaroa eta balioetan oinarritutako hezkuntzaren potentzial eraldatzailea ere hartzen ditu ardatz. Besteak beste, Sareko mugimendua (bakearen aldeko dantza parte-hartzailea), Erritmo kolektiboa, Paperezko etxeak eta Komunitateak demokrazia, lankidetza eta errespetua esploratzera gonbidatzen ditu haurrak, sormen artistikoaren eta jolas kolektiboaren bidez.

Ikuspegi sozialago batetik, Tejer Futuro egoitza artistikoak errefuxiatuak eta Mikel Belascoain eta Germán Carrascosa artistak elkartuko ditu, elkarrizketatik abiatuta, etxeaz, lekualdatzeaz eta pertenentziaz hitz egingo duen soinu-eskultura bat eraikitzeko.

Daniel Francok koordinatutako Botiquín cultural laborategia eta Carlos de Hita-ren Ekosistema sonoro izeneko soinu-hitzaldia ere sartzen dira, artea, entzute aktiboa eta eraldaketa soziala lotzen dituzten proposamen gisa.

Doako jarduerak

Jarduera guztiak doakoak eta publikoari irekiak dira, eta CIVICANen instalazioetan garatzen dira (Avda. Pio XII, 2, Iruñea).

Gehienek webgunearen bidez https://civican.fundacioncajanavarra.es, 948 222 444 zenbakira deituz edo CIVICANen bertan eman behar dute izena. Horietako asko zuzenean edo aurrez grabatuta ere jarraitu ahal izango dira Nafarroako Kutxa Fundazioaren YouTube kanalaren bidez.

PROGRAMA DESKARGATU

2024ko jarduera-memoriala

Fundazioa

24/11/2025

"Filantropiaren etorkizuna" foroa

Nafarroako Kutxa Fundazioak, Diario de Navarrareki...

Elkarlaneko proiektuak

24/11/2025

“Balkoi atzean kantatzen duten emakumeak” aurkezpena

CIVICANeko Auditorioan Mujeres que cantan tras el ...