Nafarroako Kutxa Fundazioak eta UNED Iruñeak unibertsitate katedra bat bultzatzen dute Adimen Emozionalari buruz lan egiteko. Bi erakundeen arteko aliantzak ikerketa-proposamen bat eta dibulgazio-proposamen bat biltzen ditu, unibertsitate-hedapeneko ikastaroen, udako ikastaroen eta hitzaldien bidez.
Nafarroan erreferente diren bi entitateren arteko aliantza horri esker, gure erkidegoaren erronka sozialetako bati aurre egin ahal izango diogu: osasun mentala eta haren hobekuntza, adimen emozionalaren bidez. Horrela, katedra honek helburu hauek ditu:
- Nafarroan irakaskuntzako, hezkuntza-orientazioko eta osasuneko profesionalen gaitasun sozioemozionalak hobetzeko prestakuntza-aukerak eskaintzea.
- Nafarroako herritarrak sentsibilizatzea beren adimen emozionala hobetzearen komenigarritasunari buruz
- Bizitzan zeharreko hezkuntza emozionala sustatzea (haurrena, gazteena eta helduena)
- Ikerketaren emaitzak zabaltzen eta ezagutza zientifikoa Nafarroako gizarteari transferitzen laguntzea.
- Adimen emozionalari buruzko oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua sustatzea.
Katedra horren lan-ildoak honako hauek izango dira: emozioak erregulatzeko estrategiak eta IE haurtzaroan eta nerabezaroan, familian eta lanean. Ildo horretan, honako gai hauek jorratuko dira: emozioen kudeaketa; gazteen osasun mentala eta suizidioaren prebentzioa; hezkuntza emozionala eskolan; trebetasun bigunetan trebatzea errendimendu akademikoa hobetzeko; hezkuntza emozionala familietan; pertsonen arteko harreman osasungarriak sortzea; zahartze osasungarria eta nahi ez den bakardadearen kudeaketa; edo taldean lan egiteko gaitasuna, komunikatzeko gaitasuna eta lidergoa.