Nov
12
2018

“Haur esklaboak. Atzeko atea” erakusketaren inaugurazioa

“Haur esklaboak. Atzeko atea” erakusketaren inaugurazioa
Categoría: 
Hezkuntza - Kultura

Gaur eguerdian inauguratu da “Haur esklaboak. Atzeko atea” erakusketa, eta gaurtik hasi eta azaroaren 9ra arte egongo da zabalik Civican-en. Ana Palacios kazetari eta argazkilariaren argazki-erakusketa da, eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta “La Caixa” Gizarte Ekintzaren laguntza jaso du.

Inaugurazioaren osagarri, dokumentalaren proiekzioa izango da 19:30ean, eta amaitzeko, Ana Palaciosekin solasaldia izango da. Era berean, Afrika Ezinbestekoa erakundeak, UNICEFekin batera, egitarau oso bat antolatu du Afrikako gaurkotasunaren berri emateko.

“HAUR ESKLABOAK. ATZEKO ATEA” – ERAKUSKETA
Erakusketa Ana Palaciosen proiektu dokumentala da, eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren, UNICEFen eta La Caixa Gizarte Ekintzaren lankidetzarekin antolatu da. Ana Palacios egilea Saharaz hegoaldeko Afrikan giza eskubideen urraketak nabarmentzea xede duen kazetaria eta argazkilari dokumentala da.
Palaciosen lana nazioartean argitaratu, erakusgai jarri eta saritu izan da hainbat komunikabidetan; hala nola: Al Jazeera, Der Spiegel, The Guardian edo El País. Gainera, hiru liburu argitaratu ditu, hainbat egoeraren berri emateko: Tanzaniako haur albinoak, Ugandako
aldaketa soziala edo erakusketa honen gaia den haur esklaboen egoera, esaterako. Ana Palaciosek etendako euren haurtzaroa berreskuratzeko “atzeko atea” aurkitzea, irekitzea eta zeharkatzea lortu duten berrogeita hamarretik gora haur esklaboren bizitzako historia kontatzen du 34 argazkitan. Protagonistek abusuz betetako iragana ulertzeko, onartzeko eta ahazteko borroka egiten dute, eta prozesu horretan laguntzen dieten GKE eta beste erakunde batzuen babesa dute.
Egileak “esklabotza modernoa" kontzeptua txertatu du erakusketa honetan. Termino hori hainbat jardunbide edo delituren testuinguruan erabiltzen da; hala nola, pertsonen trafikoa, nahitaezko lana, haurren lana, haurren ezkontzak, eskaletasuna, sexu-esklabotza eta beste batzuk. Krimen horiek komunean dutena da denak direla baten kontrolpean dagoen beste
pertsona baten esplotazio moduak.

Afrikako mendebaldeko kostaldean, urtero, milaka adingabeko ukitzen dituen pertsonen trafikoa gertatzen da; zifra barregarrien –trukean, 30 euro– eta balizko bizimodu hobearen promesa lauso baten truke saltzen dituzte familiek, eta, aldiz, goizetik gauerako esklabo-lana lortzen dute, beren herrialde eta senitartekoengandik urrun urte luzez. Adingabekoen trafiko hori hazi eta hazi ari da, eta horretaz hitzik ez egiteaz gain, natural bihurtzen da, gauza normaltzat hartzera arte.

Horren sorburua muturreko pobrezia, eskualde hartan mendeetan bizi izan duten esklabotza- tradizioa eta haurren migrazioa sustatzen duten aspaldiko beste tradizio batzuk dira. Gertaera horren erroak bidegabekerian eta gizarte-desberdintasunean daude, eta pertsonek bizimodu hobearen bila migratzeko duten bidezko nahia kutsatzen du. Arrazoi horiengatik eta haurren eskubideak zein diren ez jakiteagatik, gertaera hori onartu egiten du gizarteak, eta horrek eragotzi egiten du harekin amaitzeko aukera.

PROIEKZIOA ETA MAHAI-INGURUA
Gaur, asteartea, urriak 16, 19:30ean, “Haur esklaboak. Atzeko atea” dokumentala emango da, eta amaieran, Ana Palacios, dokumentalaren egilearekin solasaldia izango da. Eta urriaren 17an, 19:30ean, mahai-ingurua izango da "Esklabo bihurtutako haurtzaroa Afrikan" izenburupean. Mahai-inguru horretan adingabekoen trafikoari eta esklabotzari buruz hitz egingo da: horren kausak eta biktimak zein diren, besteak beste, eta Karmeldarren Vedruna Ikastetxeak, UNICEFek, hezitzaileek eta kazetariek hartuko dute parte.

EKUATORE GINEA
Erakusketa horren osagarri, Afrika Ezinbestekoa elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu Civican-en. Egitarau horren bigarren atalak Ekuatore Ginea izango du ardatz, eta hiru topaketa izango dira azaroaren 6an, 7an eta 8an, eta irakurketa-gida bat ere bai.
Lehenengo topaketan, “Afrikar Emakumeak Nafarroan·” izenekoan, Afrikako hainbat pertsona arituko dira solasean Nafarroan daramaten bizimoduari eta haien esperientziei buruz. Bigarren topaketan, Sonia Fernández Quincoces, LitERaFRica blogaren editoreak, Donato Ndongo idazlea elkarrizketatuko du Ekuatore Gineako literaturari, kulturari eta historiari buruz, “Ekuatore Ginea, atzokoa eta gaurkoa" izenburupean. Eta azkenik, “Norbera eroa dela jakitea”, Ramón Esono, Ekuatore Gineako marrazkilari,
umorista grafiko eta diseinatzailearen obra grafikoari buruzko elkarrizketa izango da. Jarduera horiek guztiak osatzeko, “Ekuatore Ginea” irakurketa-erakusleihoa izango da, eta bertan, herrialde horretako errealitatea hobeto ezagutzen lagunduko duten literatur lanen
hautaketa bat egongo da kontsultagai, azaroaren 5etik abenduaren 18ra.