Ago
10
2020

Nafarroa Solidarioa 2020

Nafarroa Solidarioa 2020
Categoría: 
Gizartea

“Nafarroa Solidarioa 2020” ekimena errealitate bihurtu da jada. Ekimena “la Caixa” Fundazioak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak bultzatu dute elkarrekin, eta helburu du Nafarroako gizarte zibilak bat egitea, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiaren ondorioak arinduko dituzten proiektuak babesteko asmo komunarekin. Hainbat sektoretako erakundeen lankidetzari esker, mota guztietako erakundeen eta ekimen honekin bat egin nahi duten pertsona guztien atxikimendua bilatuko da.

“Nafarroa Solidarioa 2020” ekimenak eskuzabaltasunaren kontzeptua du ardatz eta, hasiera batean, milioi bat euroko ekarpen ekonomikoa eginen dute Nafarroako Kutxa Fundazioak eta “la Caixa” Fundazioak. Ekarpen desberdinak egin daitezke; beste batzuen artean, ekimenari atxikitzeko aukera dago www.navarrasolidaria2020.org webgunearen bidez, edo ekarpen ekonomia egin daiteke, dirutan edo boluntario gisa parte hartuz. Hasiera batean, ekimenak laguntzaile hauek ditu: Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Gizarte Erakundeen Plataforma, Diario de Navarra Fundazioa eta Diario de Noticias, bai eta Cadena SER Navarra, Radio Televisión Española, Navarra Televisión, Pamplona Actual eta Navarra Capital ere. Erakunde horien guztien lankidetzari esker, bultzada, zabalkundea eta kapilaritatea lortu nahi dira, gizarte osoak ekimen honen berri izan dezan eta harekin bat egiteko aukera izan dezan.

Ekimenaren baitan irabazi asmorik gabeko gizarte erakundeei irekitako proiektuen deialdia eginen da, arreta jarrita bizi dugun krisi integral hau bereziki kalte egiten ari zaien hiru kolektibotan: adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak eta pobrezia egoeran daudenak.
Positiboki balioetsiko da proiektuek hainbat gai sustatzea, hala nola lanpostu eta lan egiteko modu berriak, eten digitalaren eta teknologikoaren murrizketa eta kohesio soziala, eta Nafarroako lurralde osoan jardutea. Hala, gaur bertan zabalduko da proiektuak aurkezteko epea, eta abuztuaren 15ean itxiko da. Ekimen horien gutxieneko aurrekontua 30.000 euro izanen da, eta gehienekoa 100.000 euro, baina 150.000 eurora arte irits daiteke erakunde batek baino gehiagok elkarlanean egindako proiektua bada.

“Nafarroa Solidarioa 2020” ekimenak lehen urratsa eman du gaur, baina proiektuak indarrean dauden bitartean, gutxienez 2021era arte, sendotu egin nahi duen mugimendu bat da. Hori dela eta, hasieratik egonen dira atxikimenduak eta kolaborazioak, baina datozen hilabeteetan ugaritu daitezke. Gainera, aukeratutako proiektuak ezagutzera ematen direnean, irailean, lankidetza modu berriak irekiko dira partikular, enpresa edo erakundeetarako, ekimen horien berezko ezaugarrietara egokituta.

“la Caixa” Fundazioak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak eskerrak eman nahi dizkiete hasiera-hasieratik eskuzabaltasun osoz ekimenarekin bat egin duten pertsona eta erakunde guztiei, haien prestasunagatik eta lankidetzagatik, era horretan lortuko delako “Nafarroa Solidarioa 2020” ahalik eta mugimendu zabalena izatea eta gizarte osoak bere egitea.